|
|
|
Partzuergoa
Bertizko Partzuergo Turistikoa, 1992ko abenduan sortu zen Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako herrietan turismoa garatzeko asmoarekin. Gaur egun, Bertizko Partzuergo Turistikoa 13 udalez (Zugarramurdi, Urdazubi, Baztan, Bertizarana, Ituren, Oitz, Urrotz, Donamaria, Beintza-Labaien, Sunbilla, Igantzi, Arantza eta Etxalar) eta 8 elkartez (landetxeak, hotelak, kanpinak, jatetxeak, ostatuak, artisauak, apartamentuak eta zerbitzuak) osatuta dago.
Ikus aurkezpeneko bideoa tokiko telebistan
Partzuergoko ezaugarri nagusienen artean, azpimarratzekoak dira: interes publiko eta pribatuak biltzen dituela, eta eskualdeko erakundea denez, bertako arazoak hurbiletik bizi dituela (harreman zuzena dago udal eta turismo establezimenduekin), eta horri esker eskualde osorako proiektuak egin daitezke. Urte guzti hauetan eskualdeko turismoa garatzeko balio izan duten hainbat proiektu aurrera eraman dira. Alojamendu plazak aztertzen baditugu, ikus dezakegu partzuergoa sortu zenetik plaza kopurua hirukoiztu dela. Gainera, landa turismo garapen honek ekonomian eragin zuzena izan du, sektore berezi bati lana emanez, lanpostu gehienak adin erdiko emakumeentzat baitira, bertze sektoreetan aukera gutxi dutenak.
|
|
|